Kaxubiarrak Euskal Herrian – 3. eguna

Martxoak 31, asteartea, Iruñean eta Etxarri-Aranatzen

Agenda bete-betea izan zuten kaxuabiarrek hirugarren egunean. Goizean goiz, Iruñeko Euskalerria Irratia bisitatu zuten. Bertan, Radio Kaszëbë  irratiko eta Euskalerria Irratiko arduradunen artean informazio-truke polita izan zuten. Gainera, Juan Kruz Lakastak kaxubiarren irratiko zuzendaria den Ana Kosciukiewicz-eri  elkarrizketa egin zion.

Kotxea berriro hartu eta Sakana aldera abiatu ginen. Izan ere, Etxarri-Aranazko Andra Mari Ikastolako ikasleak Kaxubiatik arras hurbil dagoen Poloniako zonalde batera joanen dira maiatzean hango ikasleekin elkartrukea egitera. Eta, jakina, kaxubiarrak hemen zeudela baliatuz, Etxarriko gaztetxoekin solastera joan ginen. Oso esperientzia polita izan zen ikasleendako eta kaxubiarrendako. Ikasleek harrera polita egin zieten, eta galdera pila egin zituzten Kaxubiako hizkuntza, kultura, ohitura eta bestelako gaien inguruan.

Beriain mendia atzean utzi genuen, Iruñea aldera bueltatzeo. Nafarroako Ikastolen Elkartean, Diario de Noticiaseko kazetariak zain genituen kaxubiarren bisitaren inguruan erreportaia egiteko. Hamaika galderari erantzun ondotik, eta egunari akabaila emateko, Iruñeko alde zaharra ezagutu zuten. Estafeta kalean, zezenak gibelean genituela, taberna batean sartu eta hantxe hartu genuen merezitako atsedena.

 

Ez dago iritzirik

Zure iritzia eman